Assata Shakur

Wikiquotetik
Assata Shakur (1982)

Assata Shakur (New York, 1947ko uztailaren 16a) ekintzaile politiko estatubatuarra da, Beltzen Askapenerako Armada (Black Liberation Army, BLA) mugimenduko kidea eta Pantera Beltzak (Black Panthers) alderdi ezkertiarreko kide izandakoa. 1977ko epaiketa batean polizia bat hiltzeagatik kondenatu zuten. 1979an kartzelatik ihes egin zuen, eta 1979az geroztik Kuban bizi da, non asilo politikoa eman baitzioten. FBIren hamar terrorista bilatuenen zerrendan dago.

Pantera Beltzak[aldatu]

  • "Alderdiak egindako gauzarik garrantzitsuenetako bat zera izan zen, etsaia argi eta garbi seinalatzea: etsaia ez zen jende zuria, baizik eta zapaltzaile kapitalista, inperialista. Beltzen askapenerako borroka nazioaren testuingurutik atera eta nazioarteko testuinguruan kokatu zuen. Mundu osoan zeharreko borroka eta gobernu iraultzaileak babestu zituen, eta behin eta berriro esan zuen AEBek ospa egin behar zutela Afrikatik, Asiatik, Latinoamerikatik eta baita ghettotik kanpora ere."
  • "Arazoaren parte bat zen Alderdia azkarregi hazi zela eta ez zegoela denbora askorik gauzak urratsez urrats antolatzen joateko. Arazoaren beste partea zen Alderdiak AEBetako gobernuaren erasoak jasan behar izan zituela ia hastapenetik beretik ."
  • "Sinetsita nago Beltzen askapenerako erakunde edo mugimendu batek herrialde honetan arrakasta izan nahi badu ezinbestekoa duela hezkuntza politikorako programa sistematiko bat izatea, mailarik baxuenetik hasi eta mailarik gorenera arte. Kontzientzia politiko handiena zeukaten arreba eta anaiak Alderdiko kideak ziren, baina, nolabait, ez zuten jakin kontzientzia hori taldeko gainerako kideen artean zabaltzen."
  • "Politikoki, ez nengoen batere gustura Alderdiaren zuzendaritzarekin. Huey [Newton] toki batetik bestera ibili zen interkomunalitatearen teoriaren aldeko hitzaldiak ematen. Oinarrian, teoriak zera zioen: inperialismoak halako neurria hartua zuen, ezen jada muga subiranoak ez ziren aintzat hartzen eta ez ziren nazio zapalduak existitzen, bakarrik komunitate zapalduak, bai AEBetan bai AEBetatik kanpora. Arazoa bat zegoen, ordea: baten bati ahaztu egin zitzaion komunitate zapaldu haiei esatea jada ez zirela nazio bat. Are okerrago, inork ez zituen ulertu Hueyen hitzaldi luze haiek, non interkomunalismoa azaltzen saiatzen baitzen. Huey Newton ez zen hizlari ona."
  • "[Hueyen hitzaldietatik] jendeak tropelka alde egiten zuen. Gertatzen ari zena kritikatu beharrean, Alderdiko kide gehienek babestu egiten zuten. Hueyk jendaurrean berba egiten ikasteko ikastaro bat behar zuela esan nuenean, bizkarreratu egin zitzaizkidan. Bere titulua defentsa-ministrotik "Buruzagi Goren" irringarrira aldatu zuenean, eta gero are irringarriagoa zen "Zerbitzari Goren" hartara, ia inork ez zuen txintik esan. Hori zen Alderdiaren arazo nagusietako bat. Kritika eta autokritika ez ziren sustatzen, eta zegoen apurra ez zen serio hartzen. Kritika konstruktiboa eta autokritika erabat garrantzitsuak dira erakunde iraultzaile batean."

Beltzen Askapenerako Armada[aldatu]

  • "Beltz iraultzailea naiz; beraz, definizioz, Beltzen Askapenerako Armadako (Black Liberation Army, BLA) kidea naiz."
  • "Beltzen Askapenerako Armada ez da erakunde bat: hori baino gehiago da. Kontzeptu bat da, pertsonek osatutako mugimendu bat, ideia bat. Jende ezberdin askok gauza ezberdin asko egin dituzte Beltzen Askapenerako Armadaren izenean."
  • "Beltzen Askapenerako Armada sortzeko ideia Beltzen komunitateak bizi zuen egoeraren ondorioz sortu zen: pobrezia, etxebizitza duinezak, langabezia larria, osasun-zerbitzu eskasak eta behe-mailako hezkuntza. Hamar urteko haurrak tiroz erailtzen dituztelako gure kaleetan. Drogak gainezka egiten duelako gure komunitatean, gure haurren etsipena eta frustrazioa elikatuz. BLAren kontzeptua sortu zen Beltzek herrialde honetan bizi duten zapalkuntza politiko, sozial eta ekonomikoagatik. Eta zapalkuntza dagoen tokian erresistentzia egongo da. BLA erresistentzia-mugimendu horren parte da. Beltzen Askapenerako Armadak askatasuna eta justizia aldarrikatzen du pertsona guztientzat."
  • "Uste dut askatasuna lortzeko ezinbestekoa dugula boterea eta batasuna izatea, eta ezinbestekoa dela, era berean, alderdi iraultzaile Beltz bat izatea, lider iraultzaile Beltzek gidatua. Etsai komunaren aurka borrokatzeko iraultzaile zuriekin elkartu behar dugula uste dut, baina zinez uste nuen elkartze horrek boterean eta batasunean oinarrituta behar zuela izan, ez ahultasunean eta bai ala baiko batasunean."

Arraza eta klasea[aldatu]

  • "Historiak irakatsi didanez, klase ertaineko zenbait zuri 'liberalak' dira baldin eta posible badute ederto batean bizitzea, oporrak Europan igarotzea, seme-alabak ikastetxe pribatuetara bidaltzea eta beren azal zuritik eratorritako irabaziak jasotzea. Baina garai gogorrak datozenean eta dirua eskas denean, liberal-mozorroa kentzen dute eta Adolf Hitler-ekin hizketan ari zarela iruditzen zaizu. Beren pribilegioei eusteko gai diren artean bakarrik ematen diete pena 'azpipribilegiatu' deritzenek."
  • "Beltz jendea zapaldurik gaude bai klaseagatik bai arrazagatik, pobreak garelako eta Beltzak garelako. Sutu egiten nintzen baten batek arrakastaren eskaileran gora egiten zuten Beltzei buruz hitz egiten zuen bakoitzean. Eskailera bat aipatzen duzun aldi oro, gainaldeaz eta oinaldeaz hitz egiten ari zara, goi-mailako klaseaz eta behe-mailako klaseaz, klase aberatsaz eta klase pobreaz. Gainaldea eta oinaldea dituen sistema bat dagoen bitartean, Beltzok beti oinaldean amaituko dugu, diskriminatzen errazenak garelako. Horregatik, ulertezina zen niretzat sistemaren barruan borrokatzea."
  • "AEBetan, jende gehiegik babesten ditu heriotza eta suntsipena, horretaz jakitun egon gabe. Zeharka, jendearen erailketa babesten dute, gorpuei begiratu ere egin beharrik gabe."

Esklabotza, Gerra Zibila eta esklabo-izena[aldatu]

  • "Esklaboek erasoen aurrean zirkinik ere egin ez zutela sinistuta hazi nintzen. Gogoan dut nola lotsatzen nintzen eskolan, esklabotzari buruz hitz egiten zutenean. Irakasleen kontakizunaren arabera, bazirudien Beltz jendeek ez zutela ezer egin 'emantzipazio' ofizialaren alde. Zuriek askatu gintuzten."
  • "Era berean, garrantzitsua da ulertzea Gerra Zibila ez zela piztu esklaboak askatzeko. Bi sistema ekonomikoren arteko gerra izan zen, klase agintariaren bi alde bereizik AEBen boterea eta kontrola lortzeko piztu zutena: Hegoaldeko esklabo-jabe zuri aberatsak eta Iparraldeko industrialari zuri aberatsak. Esklabo-plantazioetan oinarritutako ekonomia, bata, eta manufaktura-industrian oinarritutakoa, bestea."
  • "Chesimard abizenari dagokionez, tira, gauza bakarra ondoriozta nezakeen: Chesimard abizeneko norbait nire senar ohiaren arbaso esklaboen jabea izan zen. (...)Batzuetan, lo seko geratu aurretik ohean etzanda egoten nintzen, pentsatzen zenbat esklabo izan zituen Chesimardek Martinikan eta zenbat aldiz jo zituen. Sabaiari begira egoten nintzen, eta pentsatzen nuen zenbat emakume Beltz bortxatu zituen Chesimardek, zenbat ume Beltzen aita izan zen, eta zenbat Beltzen erailketaren erantzulea izan zen. Horrenbestez, izen horrek desagertu egin behar zuen."
  • "Borrokarekin zerikusiren bat zeukan izen bat nahi nuen, gure jendearen askatasunarekin loturaren bat zeukana. Assata Olugbala Shakur aukeratu nuen. Assatak "borrokalaria" esan nahi du, Olugbalak "jendeekiko maitasuna", eta Shakur izena Zayd-ekiko eta beraren familiarekiko errespetuz hartu nuen. Shakurrek "esker onekoa" esan gura du."
  • "Orain, kaleetan barna noan bakoitzean, neure buruari gogorarazten diot Beltzak zapalduta gaudela Ipar Amerikan. Ezinbestekoa da niretzat hori egitea. Jendea edozertara ohitzen da. Zenbat eta gutxiago pentsatu pairatzen duzun zapalkuntzaz, orduan eta handiagoa da harekiko garatzen duzun tolerantzia-maila. Denboragarrenera, jendeak uste du zapalkuntza berezko egoera bat dela. Baina, aske izateko, ondo gogoan izan behar duzu esklaboa zarela."

Sozialismoa, kapitalismoa, internazionalismoa eta inperialismoa[aldatu]

  • "Egia esan, mundu osoan askapenerako mugimendu bakar batek ere ez ziharduen kapitalismoaren alde borrokan. Labur esanda: balioren bat daukan edozein gauza langileek egin, ustiatu, hazi, ekoitzi eta prozesatzen dute. Beraz, zer dela eta ez ziren izango langileak aberastasun horren jabeak kolektiboki? Zer dela eta ez zituzten langileek jabetzan izaten eta kontrolatzen beren baliabideak? Kapitalismoak esan nahi zuen enpresari aberatsak aberastasunaren jabe zirela, eta sozialismoak esan nahi zuen aberastasuna sortzen zutenak zirela haren jabeak."
  • "Argi neukan benetako internazionalismorik gabe nazionalismoa erreakzionarioa zela. Nazionalismoa, berez, ez zen batere iraultzailea; Hitler eta Mussolini nazionalistak ziren. Bere askapenarekiko egiazko kezka daukan komunitate batek ezinbestekoa du beste jende batzuen askapenaz ere kezkatzea. Edozein tokitako jende zapalduaren garaipena Beltzen garaipena ere bada."
  • "Nire ustez, Beltzen borroka iraultzailea arrazakeriaren, kapitalismoaren, inperialismoaren, sexismoaren eta egiazko askatatasunaren aldekoa izan behar zen, betiere gobernu sozialista batekin."
  • "Inperialismoa esplotazio-sistema internazional bat da, eta guk, iraultzaile gisa, internazionalistak izan behar dugu, inperialismoa garaitzeko."

Sexismoa eta genero-rolak[aldatu]

  • "[Rita Brown eta biok] ondorio batera iritsi ginen: sexismoaren sortzaileak, arrazakeriarena bezala, gobernu kapitalista eta inperialistak ziren, eta emakumeok ez genuen sekula askatasunik lortuko gure bizitzak kontrolatzen zituzten erakundeek zutik zirauten bitartean."
  • "Gauzak are gehiago nahasteko, nire senarrak ezkontzaz zuen ideia beraren gurasoenean ikusitakoa zen: amak etxeko lanak egiten zituen, eta aitak ogia ekartzen zuen etxera. Nik espagetiak baino ez nekien prestatzen, eta [nire senarra] zurtuta geratu zen ohartu zenean etxeko lanetarako neukan trebezia hutsaren hurrengoa zela. Denbora batera, argi ikusi nuen ezkonduta egoteko bezain prest nengoela hegalak hazten utzi eta hegan egiteko."

"Nire amari"[aldatu]

"(...)
Nire amari
zeinak ez baition inori ezer eskatzen
ordaintzeko lain izango ez duelakoan.
Zeinak uste baituen bere diruak
bere emakumetasunak baino ozenago hitz egiten duela."
Aipu guztien iturria: "Assata: An autobiography" (Assata Shakur; Zed Books, 1988; itzultzailea: Amaia Astobiza Uriarte, Wikiesanak txokorako)

Kanpo loturak[aldatu]

Wikipedian artikulu bat dago honi buruz:
Assata Shakur