Zaloa Urain
Itxura

Zaloa Urain (Eibar, 1976) euskal musikaria eta Eibarko Kokein rock musika taldeko kantaria da. Hezkuntza formaleko irakaslea da.
Esanak
[aldatu]- "Abestien letrak idazteak asko balio dit barruak askatzeko".
- Drogeten itturri, 2024. [1]
- "Amatasunak nola eragin? Eragiten du, zeure bizitza aldatzen baita. Aldamenean eduki ditudan musikari gurasoak gizonezkoak ziren. Ez zeuden haurdun, eta kontzertuak ematen zituzten... Beste modu batera bizi ziren. Nik aukera hori hain argi ez nuen, behintzat... Baina oso ondo eraman genuen. Diskoa ere haurdun grabatu nuen, eta arazorik gabe. Nik argi nuen jarraitu nahi nuela. Eta ez nuela utzi nahi musika eta bi gauzak egin nahi nituela. Jada bost urte ditu eta bi gauzak egin daitezke".
- Berria, 2012.[2]
- "Badirudi emakume eta ama izate horretan sortzaile izateari utzi beharko geniokeela amatasuna bizitzeko, baina taldekideen kasuan inoiz ez dut entzun horren inguruan galdetu dietenik".
- Drogeten itturri, 2024. [1]
- "Batzuetan bai sentitu izan dut bigarren mailako musikaria naizela. Azkenean, denbora gehiena beste lan bati eskaintzen diot eta bizitzeko behar dudan dirua ez da musikatik iristen".
- Drogeten itturri, 2024. [1]
- "Beti izan naiz kontzertuetara joatekoa eta behin baino gehiagotan izan naiz emakume bakarra. Musika egiten ere bat edo beste bazebilen, baina ez asko. Gaur egun askoz ere gehiago daude, eta ez bakarrik kantari modura. Azkenean rol hori izan baitu emakumeak, batez ere. Emarockek asko lagundu dit ikusten zenbat emakume gazte dabilen".
- Berria, 2012.[2]
- "Eguneroko gauzekin aurrera eta atzera gabiltza, eta kontzertu batean publikoarekin hartuemana sortzen denean oso bizirik sentitzen naiz. Momentuaz gozatzen dut".
- Drogeten itturri, 2024. [1]
- "Emakume eta musikari gisa segurtasuna lortzeko egindako ibilbide pertsonalaren antzekoa egin behar dugu euskararekin, nire ustez. Nire bizitza euskaraz egiten badut eta gustuko baditut reggaetona edo trapa, zergatik ezingo dut nire ama hizkuntzan hori egin?"
- Ttap [3]
- "Euskal Herriko marka hori euskal folkloreari, bertsolaritzari… lotuta ikusten da, ez zaizkigu raperoak edo rockeroak burura etortzen. Gazteen gertuko gauzak egin behar dira. Egon badaude, baina ez ditugu ikustarazten, eta emakumeak are gutxiago".
- eta kitto! , 2020. [4]
- "[Euskara] sentitzen dut nirekin bihotzean barru-barruan dagoen zerbait dela. Tresna bat ere bada. Eta nire izakeraren parte bat. Emakumea, musikaria eta euskalduna sentitzen naiz. Euskeraz pentsatzen dut eta amesten dut".
- eta kitto! , 2020. [4]
- "Helmugak izan ditzakegu eta nora heldu nahi dugun tokira ilusioz begiratzea ondo dago, baina inoiz ahaztu gabe egiten dugun bide hori ezinbestekoa dela eta horretaz gozatu, landu, mimatu eta batzuetan sufritu behar dugula".
- Drogeten itturri, 2024.[1]
- "[Emakumeok] Lortu dugun gauzarik onena eta indartsuena plazaratzen hastea da. Indartsu sentitzea eta “nirea zergatik ezin da beste honek egiten duena bezain ona izan?” pentsatzea".
- Drogeten itturri, 2024.[1]
- "Musika asko entzun izan dut, batez ere, ingelesez, eta nire joera batzuetan ingelesez abestekoa ere bada. Baina behin zure diskoa egitera zoazenean, zerbait kontatzera zoaz, gure asmoa beti izan da zerbait kontatzea. Zerbait hori gauza desberdinak izan daitezke: bizipen pertsonal bat, inguruan gertatu den zerbait… Gure ama hizkuntza euskara da eta kasu horretan ez genuen ikusten beharrik beste hizkuntza baten abesteko".
- Ttap [3]
- "Musikan egindako ibilbide guztia lau gizonezkorekin partekatu dut eta beraiei eskatu zaiena eta niri eskatu zaidana oso ezberdina izan da beti. Adibidez, itxuraren aldetik".
- Drogeten itturri, 2024.[1]
- "Musikaren munduan islatzen da gizartean bizi dena. Oraindik ere badira gauzak lortzeko eta borrokan jarraitzeko, bai, jakina. Alde batetik, emakumeon jarrera gauza askori begira. Beldur asko kendu eta aurrera jo behar dugu. Emakumeok batzuetan larregi pentsatzen dugu".
- Berria, 2012.[2]
- "Ni irakaslea naiz, musika eskolak ematen ditut, eta, batzuetan, hitz batzuk ez dituzte ulertzen. Egia da musikak sentimendu bat eragiten dizula, nahiz eta hitzak ulertu ez, baina, hitzak ere ulertuta, askoz hobea da... biak gehitzen dizkiozunean, beste mundu bat zabaltzen da".
- Ttap [3]
- "Nik esperientzia txarrik ez dut izan emakume eta kantaria izanik. Ez dut sekula sentitu gutxiago naizenik, edo gutxiago sentiarazi nautenik".
- Berria, 2012.[2]
- "Nire gogoa atzean agertzea eta inork ez ikustea zen. Abesteaz aparte, nire itxura epaitzen zen, edo nire izaera momenturen batean. Eskerrak urteekin gauzak ikasten diren eta norberak bere buruarekin bakeak egiten dituen".
- Drogeten itturri, 2024.[1]
- "Telebistan agertzen garenean betiko komentarioa da: Ze guapa zeunden! Inoiz moskeatu egin naiz eta esan didate ea zergatik haserretzen naizen gauza polit bat esateagatik, baina nire eginbeharra ez da hor polita agertzea, nire sorkuntza erakustea baizik, ez neure burua. Egia da nire kasuan oso ikusgai nagoela eta hori 25 urte hauetan gainean eraman dudan oso zama latza izan da".
- Drogeten itturri, 2024.[1]
- "[Zuzenekoa] nik oso gogoko dut. Grabatzeko orduan ere oso gustura egoten gara, sortzen ari garelako eta une magikoak direlako: estudioan sartuta zaude eta mundua kanpoan geratzen da. Baina oholtza gainean gaudenean, denok elkarrekin eta guk daukagun harreman estu hori behin lortuta, begirada batekin guztia dakizunean, eta momentu batzuetan hain perfektua denean, horrek ez dauka preziorik niretako".
- Ttap [3]
Erreferentziak
[aldatu]- ↑ 1,0 1,1 1,2 1,3 1,4 1,5 1,6 1,7 1,8 Belar, Ekhi. Bideak eginez. JASONE OSORO ETA ZALOA URAIN. Drogeten itturri, Ermuko eta Mallabiko aldizkaria 339. 2024ko abendua. Noiz ikusia: 2025eko abuztuaren 10ean.
- ↑ 2,0 2,1 2,2 2,3 Berria. Bost musikari, bost ikuspegi. 2012ko urriaren 10a. Noiz ikusia: 2025eko abuztuaren 10ean.
- ↑ 3,0 3,1 3,2 3,3 Ttap. Zaloa Urain: “Ez badago euskarazko kultura eskaintzarik, galtzen joango gara. Noiz ikusia: 2025eko abuztuaren 10ean.
- ↑ 4,0 4,1 ... eta kitto!. Ikuspegi desberdinak eta ekarpen ugari Euskeraren Transmisioaren X. Mintegian. 2020ko martxoaren 3a. Noiz ikusia: 2025eko abuztuaren 10ean.
