Maialen Lujanbio
Itxura
Maialen Lujanbio (Hernani, 1973) bertsolaria eta idazlea da. Arte Ederretan lizentziatua da. 2009ko eta 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak irabazi ditu.
Esanak
[aldatu]- "Aurrera egin nahi badugu ideologikoki, arrakasta une batean sakrifikatu egin behar da. Badakizu efektiboa zer izango den, baina detektatzen baduzu “hori ez dut kantatu nahi”, kantatu beharko duzu zerbait publikoak deszifratuko ez duena, ulertuko ez duena agian, eta horrelako txalo epel batzuk joko dizkizute... baina hurrengoan hobeto hartuko dute, eta hurrengoan hobeto eta hurrengoan... "
- Iturria: Argia, 2008.[1]
- "Bai, independentzia, feminismoa... helburuak dira, eta euskara traba da helburura bidean. Euskara ez da helburu izateko mailara iristen; badirudi sekulako arazoak sortzen dizkigula gainera."
- Iturria: Barren, 2017.[2]
- "Begiratu behar dugu gizartearen erdia izanik, zergatik diren hain gutxi kantuan ari direnak, gizonezkoekin konparatuta. Hor atzera begiratu behar dugu, heziketara eta gure gizarte ohituretara. Batetik, espazio publikoa gizonezkoena izan da, eta espazio pribatua emakumeena. Emakumeen hitzari eta ekintzari ez zaio garrantzirik eman izan sozialki, plazan emakumea ez da protagonista izan, ez da erdigunea izan. Bertso eskoletan 15-16 urte dituzten neska askok eta askok utzi egiten dute. Ez dutelako euren burua ikusten berrehun pertsonako plaza baten aurrean hizketarako gai, eta hori kirolean eta beste hamaika aktibitatetan pasatzen da."
- Iturria: Argia, 2008.[1]
- "Bertsolari gisa eduki behar dituzu ardatzak ongi finkatuta, eta ardatz horietatik landu dezakezu edozein gai."
- Iturria: Argia, 2009.[3]
- "Bidaiatzea aberasgarria da eta egurasten zaitu. Baina aldi berean oso mitifikatua dago bidaiatzearen kontua. Orain badirudi mundu guztiak derrigor atera behar duela leku exotikoetara eta bidaiatu ez duena gizajo bat dela. Eta ez da horrela. Benetako gizajoak pose hutsez bidaiatzen dutenak dira."
- Iturria: Euskonews, 2003.[4]
- "Emakumeengan gaizki ikusia izan da nabarmentzea, emakume nabarmena izatea. Eta bertsolaritza zerbait bada, nabarmentzea da. Jende aurrean jarri eta zure hitzaz ziur egotea. Eta horiek dira neskekin asko lantzen ez diren bi balore."
- Iturria: Argia, 2008.[1]
- “Euskaratik eta gure mundu erreferentzialetik egin behar dugu, besteen ispiluetan gure buruaren bila ibili gabe”
- Iturria: Barren, 2017.[2]
- "Jendaurrean azaltze hutsarekin ematen du ausarta eta lotsagabea zarela. Baina ez da horrela."
- Iturria: Euskonews, 2003.[4]
- " Pena bat da zaharrekiko ze arreta falta dagoen, beren eskarmentuari inolako balorerik ematen ez zaiola. Eta gazteen hitzekin beste hainbeste gertatzen da; zenbat aldiz entzun behar dugu: "gazteen hitzak dira, pasako zaie txoro bolada". Horregatik, bertsolariak eredu gara belaunaldien arteko elkar ulertze horretan."
- Iturria: Euskonews, 2003.[4]
Erreferentziak
[aldatu]- ↑ 1,0 1,1 1,2 Eizagirre, Estitxu. Konplexu eta estereotipoak hausteko ordua.2008ko maiatzaren 7a. Argia. 2024ko azaroaren 12an ikusia.
- ↑ 2,0 2,1 «Maialen Lujanbio: “Euskaratik eta gure mundu erreferentzialetik egin behar dugu, besteen ispiluetan gure buruaren bila ibili gabe”». 2017ko martxoaren 10a. Barren.eus. 2019ko ekainaren 11an kontsultatua.
- ↑ Eizagirre, Estitxu,.«Lurpeko erreken bila». 2009ko abenduaren 6a. Argia. 2019ko ekainaren 23an kontsultatua.
- ↑ 4,0 4,1 4,2 Doxandabaratz, Beñat. «Bertsolariak eredu gara belaunaldien arteko elkar ulertzean». 2003. Euskonews. 2019ko ekainaren 23an kontsultatua.