Onintza Enbeita

Wikiquotetik
Jump to navigation Jump to search
Onintza Enbeita

Onintza Enbeita Maguregi (Muxika, Bizkaia, 1979ko maiatzaren 19a) euskal bertsolaria, kazetaria, feminista eta abertzalea da, horretaz gain diputatua izan zen Espainiako Gorteetan 2012tik 2016ko tartean. 2018ko Bizkaiko Bertsolari txapelduna izan da, txapela lortzen duen lehen emakumezkoa da.

Esanak[aldatu]

  • "Agertokira igon eta handik pankartak ikustea, norberaren izenagaz edo norberak bakarrik ulertuko dauen mezu bategaz, ikaragarria da. Bertso-kabareta montau eta estrenoan zure lagun guztiak han egoteak ez dauka preziorik."
    • Iturria: Elkarrizketa Bizkaien (2013ko azaroak 4)
  • "Bertsolaritzak badauka onetik, jakina. Orain arte beti egon gara gauza onak esaten, zeren lotsatu egin gara txarrak kontatzeaz. Baina andreak plazara irten garenean eta bertsoaren gozamena ukitu dugunean, ederto sufriarazi digute."
    • Iturria: Elkarrizketa Argian (2019ko apirilak 14)
  • "Bertsolaritzak txapelketa behar du, beste plaza guztiak behar dituen bezala."
  • "Dena klasifikatu behar dugu, gauza guztiei izena jarri behar diegu, bestela urduri jartzen gara: zu heterosexuala zara, zu bisexuala, zu homosexuala, zu gorria, zu horia… ezin dut jasan."
    • Iturria: Bira-zutabea Berrian (2012ko apirilak 29)
  • "Emakumeok erreibindikatu behar dugu gu garela gure gorputzen eta ideien jabe."
    • Iturria: Elkarrizketa Deian (2018ko abuztuak 24)
  • "Eta halako batean ikusi nuen txapela nire buruan. Poza sentitu nuen, pentsatu nuen: lortu dugu, Bizkaian ere andre baten eskuetan dago makila, eta sinbolikoki hegemonia hori andre guztien eskuetara pasatzen da. Ez da bakarrik azkenengo lau finaletan lau andre heldu garela finalera; ez, gainera, irabazteko kapaz gara. Honaino heldu gara eta merezi dugun lekuan gaude. Sentsazio hori izugarria da."
    • Iturria: Elkarrizketa Argian (2019ko apirilak 14)
  • "Etorri ziren, Gernika erre zuten eta joan egin ziren. Baina haiek joan zirenean, haien lagunek zapaldu egin gintuzten berrogei urtez, eta horretaz hitz egiten ez badugu, ez dugu benetako memoriarik eraikiko."
    • Iturria: Bira-zutabea Berrian (2019ko apirilak 26)
  • "Gizarteak ez du onartzen emakumeok festako protagonistak izaterik".
  • "Guk landu nahi dugun Euskal Herrian emakumeek eta gizonek eskubide berdinak izan behar ditugu, bestela Espainia txiki bat eraikitzen gabiltza Kantauriren magalean. Feminismoak askatuko gaitu eta ekarriko du guztiontzat, gizonentzat barne, gizarte hobe bat."
    • Iturria: Elkarrizketa ZUZEUn (2015eko abenduak 19)
  • "Historia egin behar zen, geure momentua zen, eta nik egin dut. Hor geratuko da: irabazi duen lehenengo emakumea, Onintza Enbeita. Bi gau pasatu dira, eta orain ikusi dut egin dudana bertsotan egitea baino gehiago dela; oso pozik eta beteta sentitzen naiz horrekin."
    • Iturria: Elkarrizketa Berrian (2018ko abenduak 18)
  • "Hizkuntzak berez, zubiak dira. Hizkuntzari esker komunikatzen gara, eta komunitate baten mundu ikuskera, komunitate horren hizkuntzak definitzen du ondoen."
  • "Kongresuan ez dago benetan hain haserre handirik, ez hain diferentzia handirik, zeren gero kafetegian denak oso lagunak dira. Niretzat oso gogorra zen, mikrofonora irten eta mundu guztiak gainera salto egitea, iraintzea, txistu jotzea, eta ondoren kafetegira joan eta denek ezer pasako ez balitz bezala egitea."
    • Iturria: Elkarrizketa Argian (2019ko apirilak 14)
  • "Madrilera goaz bihar edo etzi herri libre batean bizitzea lortuko dugula esatera."
    • Iturria: Elkarrizketa ZUZEUn (2015eko abenduak 19)
  • "Mila borroka sozialetan parte hartu duen emakumea naiz, eta bertsolaria. Diputatu izatea anekdota bat da nire bizitzan."
    • Iturria: Elkarrizketa ZUZEUn (2015eko abenduak 19)
  • "Nik beti esaten dut bertsotan gauza asko egin daitezkeela: egin daiteke kritika soziala, egin daiteke geopolitika... mila gauza egin daitezke. Baina niri eguneroko gauza txikiei eta emozioei kantatzea gustatzen zait. Uste dut benetan horrek mugitzen duela mundua eta horrek mugitzen gaituela denok."
    • Iturria: Elkarrizketa Berrian (2018ko abenduak 18)
  • "Niretzako Rocio Juradoren letrak bizitzan egoteko jarrera bat dira. Beste batentzako punka bezala."
    • Iturria: Elkarrizketa Gaztezulon (2016ko urriak 18)
  • "Niretzat bozgorailu guztiek balio dute erreibindikatu behar diren gauzak aldarrikatzeko. Berdin da kirolaria bertsolaria… mikrofonoa erabiltzeko aukera duen edonork, ideia bat defendatzeko erabili dezake."
    • Iturria: Elkarrizketa Deian (2018ko abuztuak 24)
  • "Niri gauzak kontatzea gustatzen zait, sentitzen dudana edo kezkatzen nauena azaltzea, eta kazetaritzak zein bertsolaritzak eman didate horretarako bidea."
  • ""Otsoaren kobazulora jakin barik sartzea inkontzientzia da, otsoa han dagoela jakinda sartzea ausardia".
    • Iturria: Elkarrizketa Argian (2019ko apirilak 14)
  • "Xirimiri moduan jendea mezuekin astiro-astiro bustitzen saiatzen naiz. Orain dela hamar urte Ezetz ezetza da non zegoen eta gaur egun non dagoen ikustea besterik ez dago, hor denok aportatu dugula uste dut."
    • Iturria: Elkarrizketa Deian (2018ko abuztuak 24)
  • "Uste dot nire inguruan jasoten dodan maitasuna pasada bat dala, eta suberte handia daukadala ez nagoalako bakarrik ez arrakastan, ez frakasoan."
    • Iturria: Elkarrizketa Bizkaien (2013ko azaroak 4)

Kanpo loturak[aldatu]

Wikipedia-logo-v2.svg
Wikipedian artikulu bat dago honi buruz:
Onintza Enbeita