Edukira joan

Lucas Platero

Wikiquotetik
Lucas Platero.JPG
Lucas Platero

Lucas Platero (Madril, 1970) irakaslea, ikertzailea eta trans aktibista da LGBT (lesbiana, gay, transexual, bisexual) eskubideen aldeko borrokan.

Esanak

[aldatu]
  • "Denok izan dugu eskolara joatearen bizi esperientzia, eta eskolak egiten duen gauzetariko bat da harremanen geografia bat sortzea. Komunak banatuta daude, uniformeak ere bai... Ikasten duzu mundua bitarra dela, bi rol posible daudela, eta bien tarteko gunea, berriz, estua dela".
    • Berria, 2015.[1]
  • "Frustrazioak kudeatzen ere jakin behar dugu; adibidez, pertsona bat neska ala mutila den ez jakitearena. Eta ulertu behar da jendeak bere bizitzaz erabaki dezakeela 5 urte dituenean ere".
    • Berria, 2015.[1]
  • "Helduen begiradak ematen die esanahia haurren ekintzei: mutil batek soineko bat janzten duenean, irakasle batzuek uste dute diziplina hausten ari dela, edo eragozten, edo gaixo dagoela... Eta, egiaz, jolasten ari da, esperimentatzen. Familiek eta eskolak lagundu egin behar dugu prozesu horretan, eta ez epaitu, diagnostikatu, finkatu. Ume batek eskolan beste modu batera dei dezaten nahi badu, hori lortu behar da. Ideia desberdinak agertzen dituzten umeak arazo bihurtzen dituzte, eta egiaz arazoa da eskola —eta gizartea— generoaren inguruan dagoela antolatuta".
    • Berria, 2014.[2]
  • "Intersekzionalitateak badu transformatzeko ahalmena, ohartzen zaren neurrian ez zarela zeu bakarrik, baizik eta zu, ezaugarri batzuekin, abagune batean, beste pertsona batzuekiko harremanean... Beraz, aukera ematen du norbere buruaz beste modu batera pentsatzeko".
    • Berria, 2014.[2]
  • "Intersekzionalitatea feminismoaren emaitza da. Ideia feminista bat da, feminismoa ohartu delako emakume guztiak ez direla berdinak; landagunean bizitzeak, kanpoko auzo batean gazte izateak, euskaraz hitz egiteak edo ezintasunen bat edukitzeak kokaleku desberdinetan jartzen ditu. Emakumeak gizonekin harremanean bizi dira, baina beste emakume batzuekin erlazioan ere bai, eta feminismoak menderakuntza lekuez teorizatu du, entzuten ez diren ahotsez, andre beltzez, ijitoez, auzokoez, aniztasun funtzionala dutenez..."
    • Berria, 2014.[2]
  • "Iruditzen zaigu arrosa koloreko jostailuekin jolasteak edo arropa arrosarekin janzteak haustura bat dakarrela, eta gurasoek larritasunez hartzen dute: 'Ai ene, nire semea gaya izanen da, edo transexuala!'. Baina arrosa kolore bat da, ez identitate bat".
    • Berria, 2015.[1]
  • "Queer teoriak ekarpen bat egin du: kategorien erabilera auzitan jartzea, kontraesanak agerian uztea eta konplexu bihurtzea. Hausnartu behar dugu kategoriek egiten digutenari buruz, politika identitarioek egiten digutenaz hausnartu behar dugun bezala: emakumeaz pentsatzen dudanean, burura datorkit modeloa, eta ez neskatoak, edo elbarriak, edo transak; emakumeez pentsatzen dudanean, aniztasun hori datorkit burura; eta, femeninoaz pentsatzen dudanean, gizon femeninoak datozkit burura".
    • Berria, 2014.[2]
  • "Sexualitatea ez da etxean egiten den gauza pribatu bat, gizarteak oso arautua duen esparrua baizik: medikuntzak esaten du osasungarria den ala ez, psikiatriak egokia den ala ez, legeak baimendua dagoen ala ez, erlijioek morala den ala ez... Ohera gonbidatu ez dituzun pertsona piloa dago zure harreman pertsonaletan. Arau sozial horiek barneratu ditugun neurrian, errepikatu egiten ditugu, eta pertsona batzuek gatazka gisa bizi dute: oso txarto pasatzen dute, ez diren genero batekoak sentitzen direlako edo modu jakin bateko sexua gustuko dutelako... Sarri, beren burua da entzuten duten azken ahotsa.
  • "Sexualitatea ikusezina da batzuetan, eta ikusgarriegia besteetan; batzuetan jarduten dugu inporta ez balu bezala, eta besteetan dena horren araberakoa balitz bezala. Bikotekiderik gabeko amengan presente dago, homosexualengan eta transexualengan ere bai, besteek sexualitaterik edukiko ez balute bezala. Eta, horiek hipersexualizatuz, besteak desexualizatzen ditugu. Uste dut sexualitatea kontuan hartzea interesgarria dela konplexutasuna ulertzeko".
    • Berria, 2014.[2]
  • "Uste dugu boterea goitik datorrela; baina boterea ez da edukitzen; erabili egiten da. Une oro".
    • Berria, 2014.[2]

Erreferentziak

[aldatu]
  1. 1,0 1,1 1,2 Txoperena Iribarren, Maddi Ane. Aniztasunean hezteko erronka. 2015eko ekainak 28. Berria. 2021eko abuztuaren 9an ikusia.
  2. 2,0 2,1 2,2 2,3 2,4 2,5 Asensio Lozano, Maite. «Sexualitatea ikusezina da batzuetan, eta ikusgarriegia besteetan» 2014ko abenduak 28. Berria. 2021eko abuztuaren 9an ikusia.

Kanpo estekak

[aldatu]
Wikipedian artikulu bat dago honi buruz:
Lucas Platero