Amaia Zubiria
Itxura
Amaia Zubiria (Donostia, Gipuzkoa, 1947ko irailaren 11) euskal abeslaria da. Euskal Abestigintza Berriak emandako emakumezko abeslaririk garrantzitsuena. 30 urteko ibilbidean, bakarkako lanak eta beste musikariekin osatutako egitasmoak tartekatu ditu.
Esanak
[aldatu]- "Aita bertsolaria zen, eta ama ere bai, eta, gainera, oso kantari fina. Senar-emazteak, haserre ez zeudenean, beti kantari ari ziren. Eta elkartzen ginenean, senideak ere bai. Kantatu asko egiten genuen, eta, gogoan dudanez, ondo kantatzen genuen. Mundu horretan hezi nintzen, mundu estu batean, bertso eta kantu zaharren artean".
- Berria, 2005. [1]
- "Benetako iraultza ezin daiteke egin nork bere iraultza egiten ez baldin badu. Hori bistan da. Nahi ditugun panfletoak, filosofi teoriak, tesiak eta nahi beste egin ditzakegu, baina guk gure loturak hausten ez ditugun bitartean, ez dago ezer egiterik. Orduan emakumerik ez zen inongo botere alorretan, eta agintzen zuten gizonak ezagutu ahala, konturatzen zinen gizon horiek baino lotuagorik ez zegoela inor. Alde batetik, politikan hainbat gizonek beren hitz eta teoriekin erakartzen ahal zintuzten, baina gero ezagutzean konturatzen zinen ez zirela ari benetan".
- Berria, 2005. [1]
- "Denda batera joan nintzen fruta erostera eta hango saltzaileak kriston bronka bota zidan: zer pentsatzen nuen [Triste bizi naiz eta abestiarekin] halako andaluzada bat ateratzean! Orduan dena zen pekatu. Ni igual nahiko inkontzientea naiz, gogoa daukat eta esaten dut: nere ardura da. Gero nik jasotzen ditut makilak".
- Betizu (EITB), 2018.[2]
- "Euskal kantuari, euskal hitzari, diskriminazio positiboa egin behar zaio, zeren musika nazioartekoa da, baina hitza ez".
- Berria, 2005. [1]
- "Ez dut uste jendea txundituta gelditzen zenik. Nik uste dut jende bati bai gustatzen natzaiola edo gustatzen zitzaiola egiten nuena eta beste batzuei gustatzen zitzaien Txominen garaiko Amaia xuabe hura, beti bikotearen hildotik zihoana, gehiegi molestatzen ez zuen ahotsa, xuabe, birjinala. Baina gero Amaia bere beste atal batzuk agertzen hasi zenean, ez zituen hainbeste jarraitzaile, ez zen hain txundigarria".
- EITB, 2013. [3]
- "Ez dakit hori beste herrietan ere gertatzen den, beharbada bai, baina ahotsari halako inportantzia berezi bat ematen zaio, eta jendea ez da arduratzen musikaz, ez du belarria jartzen, ez daki musika entzuten, beno, askok bai bai gehienek ez".
- Argia, 1987. [4]
- "Ez zait buruan sartzen Euskal Herrian politika jarraitzen ez duen pertsonarik. Apolitikan ez dut sinesten".
- Berria, 2005. [1]
- "Gu txiroak ginen, herriko txiroenak eta zain zeuden nik noiz ikasiko nian nire lana, ilepapaindegi batean ikasten ari nintzen. Noiz hasiko ia diru pixka bat etxera ekartzeko... [Amari] agindu nion ez nintzela horretan ibiliko, ez zela serioa, joku pasa zela... Orduan nik jarraitu egin nuen. Atera zuten nire argazkia, oso garbi ikusten zen ni nintzela, "La joven promesa ..." eta amak hori ikusi zuenean izugarrizko jipoia eman zidan".
- EITB, 2013.[3]
- "Kantariok diskoak egin ditugu, eta diskoak bilakatu dira kantarion oztopo. Inora joaten gara, eta beti izaten da musika. Musika bilakatu da komunikazioaren oztopo handiena, eta musikaren beraren oztopo handiena. Inportantena musika bizirik egotea da. Jendea kantatzera ohitzen ez bada, beharbada berezko dohainak izango ditu, baina ez du jakingo. Zuzeneko musika edo musika tresnetatik ateratzen den soinua ezin daitezke konparatu. Musika bizia da interesgarria".
- Berria, 2005. [1]
- "Munduan zehar ibiltzea asko gustatu izan zait, beti erreferentzia gisa Euskal Herria izaki. Berdin zait Baionan, Nafarroan edo Bizkaian bizi. Iruditzen zait Euskal Herri zabal eta txiki honetan aniztasun handiko bizimoduak ere badaudela. Denak ez gara bizi berdin".
- Berria, 2005. [1]
- "Musikaren munduak erakutsi dit, benetan, arrazoi nuela, ez naizela batere tronpatu erabakietan. Mundu horrek erakutsi dit horretarako jaioa nintzela, eta besteak zeudela erratuak nirekin. Nik banekien, baina orduan nire ideiak, maitasunari buruzkoak, erlijioari buruzkoak, politikari buruzkoak eta abar, ez zeuden batere modan. Denborak erakutsi dit motz ere geratu nintzela, eta beste guztiek behar izan dutela ni orduan nengoen maila hartan jarri".
- Berria, 2005. [1]
- "Nolako jendea dagoen ikusten dut, eta une horretan erabakitzen dut zer kantatu. Gertutasun hori oso maitagarria da: jendea ikusten duzu, malkoak... ezagutzen naute, batzuek kantuak ezagutzen dituzte..."
- Ikasbil, 2002. [5]
Erreferentziak
[aldatu]- ↑ 1,0 1,1 1,2 1,3 1,4 1,5 1,6 Petxarroman, Iñaki. Amaia Zubiria: «Beti joan izan naiz aurreraegi, eta beste batzuek jaso dituzte fruituak». 2005eko apirilaren 3a. Berria. 2021eko apirilaren 9an ikusia.
- ↑ Amaia Zubiria: 'Inkonszientea naiz eta kritikak jaso izan ditut'. 2018ko martxoaren 13a. EITB. 2021eko apirilaren 9an ikusia.
- ↑ 3,0 3,1 Amaia Zubiria, etxekoak kontra izan arren, abeslari bihurtu zen. 2013ko urriaren 7a. EITB. 2021eko apirilaren 9an ikusia.
- ↑ Amaia Zubiria: "Esan Nahi Dudan Guztia Ez Dago Oraindik Esana». 1987ko otsailaren 1a, Argia. 2021eko apirilaren9an ikusia.
- ↑ Amaia Zubiria: "Damuak ez du mundua salbatzen" 2/2. 2002ko ekainaren 12an. Ikasbil. 2021eko apirilaren 9an ikusia.