Edukira joan

Silvia Federici

Wikiquotetik
Silvia Federici (2014)

Silvia Federici idazle, irakasle eta ekintzaile feminista italiar-estatubatuarra da.

Esanak

[aldatu]
  • "Bizitza suntsitzen ari diren honetan, bizitzaren balorizazioaren aldeko borroka lehen mailako borroka da. Lan banaketa maskulino, genozida eta arrazista batean bizi gara, non gizonak sarraskiaren lanean espezializatu diren. Diferentea da soldadua izatea, erizaina izatea edo haurren zaintzaile izatea. Munduaren ikuspegi diferente bat ematen dizu. Horregatik, uste dut emakumeak direla borroka oso handi baten subjektu politiko kualifikatuena. Emakume feministak behar ditugu kalean, mundua suntsitzen ari den botere matxista, patriarkal eta kapitalistari aurre egiteko".
    • Iturria: Berria, 2024. [1]
  • "Borrokak eraikitzailea behar du izan. Hau da, ezin da soilik negatiboa izan eta ezin du bakarrik estatuaren aurka egin. Aldaketaren aldekoa izan behar da: borrokak aldaketa eragin behar du. Niretzat, hori da garrantzitsuena, batez ere zaintzaren eta bizitzaren erreprodukzioaren auzian. Zerekin nahi dugun bizi, eta nola bizi nahi dugun. Bizitzari bere balioa eman behar diogu".
    • Iturria: Berria, 2024. [1]
  • "Etxeko lanen harira, hiru urrats garrantzitsu daude, elkarri lotuak: doako lana deuseztatzea, etxeko lanak sozialki baloratzea eta horiek antolatzeko modua iraultzea."
    • Iturria: Elkarrizketa Argian, 2017.[2]
  • "Emakumeek bi lan dituzte orain eta denbora gutxiago berriz, adibidez, borrokarako, eta mugimendu sozial eta politikoetan parte hartzeko."
    • Iturria: Elkarrizketa Manu Robles-Arangiz Institutua, 2014.[3]
  • "Emakumeen aurkako erasoaren arrazoi nagusia da kapitalak ezinbestean suntsitu behar duela kontrolatu ezin duena, eta, era berean, beheratu egin behar duela erreprodukziorako gehien behar duena. Eta hori, hain justu, emakumeen gorputza da".
    • Iturria: Berria, 2020.[4]
  • "Emakumeen bizkarrean berrabiarazi da ekonomia globala. Beraz, ezin dugu onartu beste ideia hori, soldatapeko lanak askatu dituenik emakumeak.
    • Iturria: Elkarrizketa Argian, 2017.[2]
  • "Emakumeen gehiengoak munduan burutzen duen lana, hau da, etxeko lana eta lan erreproduktiboa, alde batera uzten da. Eta lan hori kapitalismoaren oinarria da, bide horretatik erreproduzitzen baitira langileak."
    • Iturria: Elkarrizketa Manu Robles-Arangiz Institutua, 2014.[3]
  • "Erreproduzitzeko modu komunitarioagoak sortu behar ditugu. Kapitalismoak bizitza erreproduzitzeko sistema oso indibidualizatua sortu du. Familia nuklearra, etxea, bakoitza besteengandik aldenduta bizitzea... Eta emakumeak izan dira indibidualizazio horren biktima nagusiak".
    • Iturria: Berria, 2024. [1]
  • "Espazioak behar ditugu, noski, baina, batez ere, jendearen arteko elkartasuna berreskuratu behar dugu, ondasun komunala baita hori ere, eta erabakiak hartzeko egiturak sortu
    • Iturria: Elkarrizketa Argian, 2017.[2]
  • "Estatua derrigortu behar dugu gizarte zerbitzuetan inbertitzera. Baina behetik kontrolatu behar dugu. Ezin diogu utzi estatuari erabakitzen zein haurtzaindegi mota izango dugun. Behetik adostu behar dira gizarte zerbitzuak. Esperientziak erakutsi digu estatuak gutxienekoa emango digula".
    • Iturria: Berria, 2024. [1]
  • "Etxeko-lanaren gaineko soldataren defentsa oso askatzailea izan da; emakume askok ulertu ahal izan dutelako haiek egiten zutena lana zela, esplotazioa zela, eta ez zela naturala."
    • Iturria: Elkarrizketa Manu Robles-Arangiz Institutua, 2014.[3]
  • "Kapitalismoa beti izan da genozida, baina une jakin batzuetan gune berriak bilatu behar ditu. Orain, lurralde berriak inbaditzen ari da. Horrek milioika pertsonaren desplazamendua behar du; horregatik ikusten ditugu hainbeste gerra. Jendeari bere bizitza erreproduzitzeko aukera ematen dioten azpiegitura guztiak suntsitzen ari dira".
    • Iturria: Berria, 2024. [1]
  • "Kapitalismoak, errotu nahi bazuen, nahitaezkoa zuen gizabanako berri bat eta gizarte diziplina berri bat eraikitzea, lanaren gaitasun produktiboa sustatuko zuena".
    • Iturria: Berria, 2020. [4]
  • "Mugimendu feminista gaur egun ezinbestekoa da, bizitza erdigunean jartzen duen mugimendua delako, eta bizitzari balioa ematen diolako".
    • Iturria: Berria, 2024. [1]
  • "Nerabezarotik idatzi izan ditut poemak, nire barrua sendatzeko batik bat. Oinazea, amorrua edo beste emozio indartsuren bat sentitzen dudan bakoitzean idazten ditut".
    • Iturria: Berria, 2024. [1]
  • "Niretzat, oinarrizko printzipioa da honako hau: inoiz ez jarri zure zoriona, zure oparotasun ekonomikoa, besteen sufrimenduaren gainean".
    • Iturria: Berria, 2024. [1]
  • " Palestina mundua da: desplazamendua, sarraskia, pobrezia. Palestinan munduko leku askotan gertatzen ari diren logikak eta errealitateak ikusten ari gara, muturreko modu batean: genozidioa".
    • Iturria: Berria, 2024. [1]
  • "Patriarkatu berritu honetan, emakumeek aldi berean bi gauza izan behar dute; produktore eta erreproduktore. Espiral horretan xahutzen da emakumeen bizitza osoa."
    • Iturria: Elkarrizketa Manu Robles-Arangiz Institutua, 2014.[3]
  • "Patriarkatu molde berri bat itxuratzen ari den unean gaude: eredu berri horretan, emakumeak ez dira etxekoandre soilak, baina gizarte egitura tradizionalak eta baloreak ez dira oraindik aldatu."
    • Iturria: Elkarrizketa Manu Robles-Arangiz Institutua, 2014.[3]
  • "Sexu langileek argi bereizi dituzte beti legeztatzea eta despenalizazioa. Despenalizazioa da euren lana beste edozein lan gisa tratatzea, eta legeztatzeak esan nahi du estatuak hartuko duela kontrola".
    • Iturria: Berria, 2024. [1]
  • "Zainketa lanak ez dira maitasun-hutsean jatorria duten lanak, kapitalarentzat langileak erreproduzitzea posible egiten duen lana da, eta berebiziko garrantzia duen gaia da. Erreproduziorik gabe, ez dago produkziorik."
    • Iturria: Elkarrizketa Manu Robles-Arangiz Institutua, 2014.[3]

Erreferentziak

[aldatu]
  1. 1,00 1,01 1,02 1,03 1,04 1,05 1,06 1,07 1,08 1,09 Silva Rodrigo, Olatz. Silvia Federici: «Feministak behar ditugu kalean, mundua suntsitzen ari den botere kapitalistari aurre egiteko» 2024ko ekainaren 17a. Berria. 2024ko uztailaren 7an kontsultatua.
  2. 2,0 2,1 2,2 Sarriugarte Mochales, Danele. «Emakumeok azalean daramagu soldatarik gabeko langilearen identitatea». 2017ko urtarrilaren 15a. Argia. 2019ko ekainaren 3an ikusia.
  3. 3,0 3,1 3,2 3,3 3,4 3,5 [Requena Aguilar, Anaren eldiario.es-tik itzulia.] «Silvia Federici: "Soldatapeko lana emakumeak askatzeko giltza dela sinistea, engainua da”». 2014ko maiatzaren 24a. Manu Robles-Arangiz Institutua kultur fundazioa. 2019ko ekainaren 3an ikusia.
  4. 4,0 4,1 Eslava, Ane."Prozesu beraren eredu berriak" 2020ko apirilak 14. Berria. 2020ko airilaren 14ean ikusia.

Kanpo loturak

[aldatu]
Wikipedian artikulu bat dago honi buruz:
Silvia Federici